2011ko abuztuaren 22an, Garako 'Iritzia' atalean argitaratua.
Markel Ormazabal, Aitor Jimenez, Alex Zipotz, Asier Mariezkurrena, Iñigo Albisu, Ekain Ormazabal eta Beñat Apalategi - Piraten Mugimenduko kide izandakoak
Auzolana eredu denon Donostian
Bestelako Donostia bat beharrezkoa eta posible da. Belaunaldi ezberdinek haizatu duten leloa dugu hauxe. Udal administrazioaren eta osasungintzaren euskalduntzea exijitu dugu; hirigintza basatia salatu eta etxe hutsak okupatu ditugu; patriarkatu heteronormatiboaren aurka altxatu gara emakumeen eskubideak urratzen zituzten elkarte, kaldereroetako tribu edo behar izan den erakundeetan; auzokideekin batera Gladys Enea parkeko biodibertsitatea defenditu genuen eta Zubietako errauste plantari alternatibak eskaini ingurumena errespeta dezaten; gaztetxeetako teilatuetara igo gara sistemak ezartzen dituen balio kulturalak arbuiatzeko. 2003. urtean, gazte mugimenduko zenbait lagunek, izan ziren eta izango ziren aldarri horiek bildu eta Donostiako Aste Nagusian isla izan zezaten apustu egin genuen. Eta Donostiako Piratak izenez ezaguna den mugimenduari sorrera eman genion.
Jaietan agerian geratzen dira indarrean dauden gizarte egituren ereduak, baita gizartean oraindik ere oso sustraituta dauden mugak ere. Orain artean, Semana Grande; Aste Nagusia udal eta sektore ekonomikoetatik ezarri izan den hiri ereduaren ispilu besterik ez da izan. Inbertsio, objektu eta erakusleiho nahi zuten hiriaren erreplika den su artifizial eta izozkien jai eredu ofizialaz ari gara. Eta helburu hori erdiesteko, jaiaren kudeaketaz arduratzen zen «lan talde profesionala» sortzeko hautua egin zuten.